Lehengo irailean, lau urteko mutiko ilehoria gerturatu zitzaidan kafe makinaren ondoan zain nengoela. Negar-malkotan, ostikoka, bere burua lurrera jaurtitzen zuen haserre bizian. Harridura bainoago gupida sortzen zuen inguruan, baina haren zaintzailea, Estitxu, lasai zegoen.
Iraileko ikasle berriaren kasketaldia zirudiena ez zen harritzekoa mutikoaren jarrera eta adina kontuan hartuta; begirada galduak egiten zuen berezia Gautenako ikaslea. Hiru hilabete geroago, mutiko ilehoria lasai doa Estitxuren edo Ainhoaren eskuari gogor helduta. Jarrera-aldaketak gako garrantzitsua izan du bidean: hizkuntza.
Gurasoen larriminerako, lau urte horietan, negar malkoak izan ditu hizkuntza bakar, ulertzeko nekezak, infinitura biderkatutako esanahiez betetako malko gaziak; orain berriz, sei irudiz osatutako hizkuntza laburrak ateak ireki dizkio. Bidea ez da erraza izan. Lehenbizi, izugarri maite duen zerbait aurkitu dute: artozko talo biribila. Ondoren, Estitxuk eta Ainhoak haren hizkuntza osatuko duen lehen zeinua sortu diote: taloa agertzen duen piktograma. Azkenik, ariketa dator: talo zatitxoak mahaian jarri eta eskuak automatikoki zatietara jotzen duenean, irudia ukiarazi diote. Opila ezkutatu eta mutikoak bere nahia adierazteko marrazkia erabiltzen duenean gertatzen da mirakulua.
A.Sullivanek H.Kellerri mundua izendatu zion bezalaxe, hiru hilabeteren buruan, Estitxuk eta Ainhoak ingurukoengana iristeko zubia eraiki diote mutikoari eta, orain, ura, zukua, txokolatezko opiltxoa, irabiakia, eta, noski, artozko taloa eskatzeko gai da. Aurrerantzean, poliki-poliki, zubia zeinu berriz sendotuko dute.
Literatura errealitatearen sakontasuna eta ñabardurak adierazteko bidea ere badela sentitu izan dugunoi, egunak eta gauak hitz egokiaren bila igarotzen ditugunoi, zer pentsatu ematen digu sei zeinuz osatutako hizkuntza xume eta hunkigarriak.
Sarritan, neuk ere, hitzak muga direnean, larrimina handia denean, irudi bat nahi nuke, Lottoren edo Rembrandten eskua, pintzelkada batzuen bidez begirada sakon bezain ahaztezinak adierazteko.
OHARRA: Artikulu hau “Hitzen Uberan” agertu zen 2019ko otsailaren 18an.