Kafkak ez zidan amodio eskutitzik idatzi

2019-10-15

Franz Kafkaren berri, azkenekoz, Alice Herz-Sommer-en biografian izan nuen. Bere haurtzaroko oroitzapenetan, lore-sorta bat eskuetan zuela bisitan joaten zitzaien gizon gozo, alai eta umezale gisa gogoratzen du idazlea, “betiereko haur bat”. Piano-jotzailearen oroitzapena nire idazlearen irudiari erantsi diot beroki bero baten modura, jakitun izanda bere narrazioetako munduak atzean zuen gizona sufrimenduz betetakoa zela.

Beti izan naiz jakin-min handikoa, eta, aukeratu ditudan irakurgaiez gain, nire eskuetara halabeharrez iritsitako beste liburu asko ere gustura irakurri ditut. Horien artean daude idazle maitatuei buruzkoak ere: V.Woolfen neskamearen oroitzapenak (Una habitación ajena), M.Proust zaindu zuen C.Albaretenak (M.Proust), baita egunerokoak ere (Susan Sontag-enak, azkenak). Haatik, idazleen lanak maite eta miresten ditut, haiek bainoago; sarritan pentsatu izan dut norekin hartuko nukeen kafetxo bat, baina ez dakit, ez dakit…

Duela hilabete batzuk argitaratu berri dituzte F.Kafkak idatzitako amodio-eskutitzak. Badaezpada ere, neure burua ezagututa, ez dut esaten liburu baten uretatik inoiz edango ez dudanik, baina bi arau betetzen saiatzen naiz: idazlearen oniritzirik gabe, berak amaitutzat eman gabeko hil ondorengo lanetara ez gerturatzen ahalegintzen naiz; izarapeko kontuak ere ez dira niretzat.

Ondotxo dakit Max Brodek Kafkaren agindua bete ez zuelako irakurri ditudala haren istorioak. Goyaren harremanei buruzko azken albisteak, ordea, maitasun-eskutitz argitaratu berri hauek zer pentsa eman didate. Beti gabiltza gure kontraesanekin borrokan, baina ez dakit, ez dakit…

Intimitatearen urraketa izan daitezkeen kontu horietan, nire barne-borroka begi bistakoa den arren, aukeran, nahiago dut margo beltzekin eta istorioekin gozatu edo sufritu. Amodiozko eskutitzei dagokienez, gauza bakarra dut argi: Kafkak niri ez zidan amodio eskutitzik idatzi.

OHARRA: Artikulu hau “Hitzen Uberan” agertu zen 2019ko martxoaren 18an.