Hitz gutxiko gizonen hizkuntza zen zurea,
haragizkoa, hego haizearena,
urezko kaligrafiaz idatzia.
Izendatu zenidan mundua,
eskutik eraman ninduzun
bidezidor malkartsuetan gora
eta arotzaren arkatz gorria zorroztu zenidan
nirea ez zedin urregorrizko kaligrafia izan,
esku zartatuena baizik,
urezkoa.
Haztamuka nabilen iluntzeetan,
gau amaigabe eta itsu hauetan,
hil-mihiseak ezkutatu didan lurraldera jo nahi nuke,
leiho itsurik, morroilorik,
errezelik ezagutzen ez duen nire oroimenaren mandiora
eta iragan denbora betiereko bihurtu,
zure isiltasunak oraina eta geroa ere ezagutu ditzan.
Horregatik idatzi nahi nuke gauero
zure begi-gorrituen hizkuntzan,
urezko kaligrafia xumez.