Adelaren ama haurdun zegoela bakar-bakarrik etorri zen Kolonbiatik Hernanira, eta hantxe bizi da alabarekin beste familia batekin partekatu beharko duten etxebizitzan. Neskatoak eguna kalean eta ikastetxean igarotzen du, eta, gauez, amarena eta biena den ohe txikian ezkutatzen da.
Adelak zortzi urte bete dituen urtean, udako oporretan, amak berarekin eraman du kopetilun, Izaskun eta Asierren Zarauzko etxera lanera joan denean. Lehen eguneko arratsalde euritsuan, hondartza ondoko pasealekuan, Adelak Ane ezagutuko du, baita haren amona margolaria ere.
Bost egun ahaztezin igaroko dituzte elkarrekin, eta Aneren aitonak oparitutako argazki-makinak jasoko ditu bi lagunek bizi izandako abentura guztien irudiak: gizon itsua, mahastiak, urre-bilatzailea, aitarentzako kaxa…
Argazki horietako batean, bi tximeleta txiki ageri dira. Hondartza basamortua da jolasean hegaka itsasertzera urrundu diren bi lagunentzat. Olatuen burrunba-hotsak inguratu dituenean, bi neskatoek izuturik begiratu diete tximeleta gaixoei. Laster dira, ordea, berriz jolasean, amets-putzu amaiezinaren ertzean.
Ipuin hau hari bikoitzez josia da: hari batek nire ikasleen bizipenak albaindu ditu; besteak, margolan batzuen istorioa ekarri du orratzaren begira.
Margo horien egilea Carmen Miranda da: emakume margolaria, arte-maitalea, Gerediaga Elkartearen eta Durangoko azokaren sortzailea eta Leopoldo Zugazaren bidelagun elkarrekin gauzatutako ekimen guztietan.
Bi hari-zuntzak elkarrekin txirikordatu ziren hitzez hitz, puntada luzeez eta laburrez, Adelaren eta Anereren ipuina amultsuki josteko.