Izenburuak berak Imanol kantariaren disko bat dakarkigu gogora: Iratze okre geldiak, hain zuzen. Bietan dago naturaren gorazarre gozoa. Imanolenean, udazken-kutsua garbia da, malenkoniaz jotako espiritua baitzen harena. Maixarenean, badago udazken kutsu hori, baina ez bakarrik. Ikusten den hostoa ez da eroritakoa soilik. Zuhaitz adarretan zintzilik, haizearen edo euriaren mende, bizi dira gehienak, udaberrian bederen, baina gainerako urtaroetan ere bai. Urtaroak ez du gupidarik, eta hostoak hain dira hauskor eta erorkor. Hosto eroriak denbora iragana dela esaten digu; besteak, zuhaitzean dagoenak, denbora hortxe dagoela, eskuraezin eta, era berean, neurtezin, betiko.
Eskura ekarri ezin diren gauza asko dago munduan. Desira da horietako bat. Cernudak desira zuhaitzik gabeko hostoa zela idatzi zuen, zerurik gabeko lurra, mugarik gabeko espazioa gaineratuko nuke. Esan nahi zuen ezen desirak ez dagoenaren bila bultzatzen gaituela, atsedenik hartu gabe, Letek kantatzen zuen bezala. Literaturak ere bai; poesiak, kasu honetan. Ez dagoenak, ordea, forma bat baino gehiago hartu izan du. Izan daiteke ametsa, edo bestela eldarnio; izan daiteke mamu, gorputzik gabea; edo izan daiteke Drakula bezalako entitatea, espirituz hustua; izan daiteke oroitzapena, edo ahaztutako zerbait, bestela. Ez dagoena beti da huts, beti lagatzen du hutsunea.
Norberak duen hutsunea erakusteko idazten da, idazten dugu.
Baina hutsunea ezin hitzez bete, ez beti. Hutsunea, batzuetan, monumentua da, erakusteko oroitgarri, jakin dezagun eta erakuts dezagun zer izan zen gutaz, zer izan den gurekin bizi izan diren haietaz.
Isak Dinesenek, alegia Karen Blixenek, liburu eder bat idatzi zuen: Out of Africa. Lehen esaldia gogoangarria egiten zaigu, pelikularengatik batez ere: Nik banuen baserri bat Afrikan…
Ez dakit zergatik baina pelikula hura etorri zait gogora Maixaren hitz hauek irakurtzean:
Sakela hustu dut
eta zarataren dardara urrundu.
Hiru zatitan banatuta dago liburua: “Isiltasuna” deitzen da lehen zatia; “Hitza”, bigarrena; “Zarata”, hirugarrena. Hitz bakoitzak bere esanahiaren katea dakar berarekin. Isiltasuna, batzuentzat, kontzeptu negatiboa da; baina, poesiazale garenontzat, ezinbestekoa zaigu era berean poesia, edo hitza, ulergarriak egin daitezen. Hitza, kontzeptu positiboa da askorentzat, baina hitzak berdin balio du egia esateko, edo gezurra aldarrikatzeko. Badakigu. Zarata munduaren gaitza da gehienontzat baina zaratarik gabe ez genuke jakingo zein den isiltasunaren balioa.
Hiru kontzeptuok ez daude elkarren kontrara jarriak, elkarren osagarriak dira.
Baina kontzeptu bakoitzak bere ifrentzua du, nondik begiratzen den.
Gezurrarena egia da.
Maitasunarena gorrotoa.
Oroimenarena ahanztura.
“Gezur beltza” da poema baten izenburua.
Egunaren ifrentzua gaua da.
Argiarena itzala.
Ikustearena ez ikustea.
Ez dagoenaren ifrentzua ez da, ordea, dagoena. Ez egotea egoteko modua da, bai poesian, bai askotan ere bizitzan.
Izendatu zenidan mundua,
eskutik eraman ninduzun
bidezidor malkartsuetan gora
eta arotzaren arkatz gorria zorroztu zenidan
nirea ez zedin urregorrizko kaligrafia izan,
esku zartatuena baizik,
urezkoa.
Poesiak, azken finean, hutsunea inguratzen du, bertan ez erortzeko. Hutsunean erortzen den poesia ez da poesia, beste zerbait baizik.