Aitaren baratza zen nire haurtzaroko lur ederrenetako bat. Kartografo baten modura antolatzen zuen geografia txikia, eta meteorologo adituenak baino zehatzago aztertu zeruaren zeinuak, esker oneko lur eremu emankorra zaindu eta babesteko. Aitzur txiki bat oparitu zigun lurra jorratzen ikasteko, eta izara zaharrekin egindako begizta ederrez apaintzen genizkion tomate hesolak; ezer gutxi, baina, beti inguruan, begiz laguntzen, besterik ezean…
Aurten irakurri ditudan poema liburu onenen artean dago Balea Zuriak argitaratutako Luis Garderen Barbaroak baratzean lana, neuri idaztea gustatuko litzaizkidakeen liburu artean. Poema horietan, muga da nagusi (harresia, hitzezko, haizezko eta urezko hesiak, murruak, alanbre-arantzak…), eta mugarri horretara gerturatzen diren barbaroak (itzalak, uhinetan iltzaturiko gizakiak…) eta haien sufrimendua.
Border izeneko filmaren pertsonaia nagusia ere, Tina, mugan bizi da: aduanan lan egiten du; dohain bereziak ditu; basoa da haren lurraldea. Nortasunaren ezaugarri bitxiak lanerako lagun izan arren, murru bihurtuko ditu bere burua gutxietsiz, eta, inork jasan behar ez lukeen harremana biziko du bakardadea uxatu nahian. Maitemintzen den arte. Besteenganako muga gaindituko duen maitasunak erakutsiko dio bere burua maitatzen, aske izaten. Bikotekideak, ordea, bien ezberdintasuna botere sentituko du, borrokarako arrazoi. Bidegurutze larrian, Tinak aukera egin behar duenean, benetako maitasuna aukeratuko du, bere basotik besteengana iristen den zubi ahula. Eta bakardadea.
Euskaldun askok ihes egin behar izan zuten erbestera, barne nahiz kanpoko bakardade latzera, eta geurera etorritako askoren ametsa izan da inorenak ez diren lur horietan landutako baratze txikia. Garderen lanean esaten den bezala, “begiak bildutakoan gari irinaren distira ikusi nahi,/ baina buruak karobi lana egiten dien” horietakoak ziren guztiak, minaren lurraldekoak.
Gaur, nire baratza gure gelako bakardadea da. Besteen liburuetako hitzak dira leiho, muga oro gainditzen duten txori; hitzez landutako istorioak, besteenganako nire soro. Joan Margaritek ondo adierazi zuen: “Me importa lo que sucede en la noche/estrellada de un verso”; bizitza bere baitan biltzen duten hitzak dira harenak, muga oro gainditzen dituztenak, Gardek dioen bezala, zeru-sabaiaren zatitzaile den murrurik ez baitago murruari iltzatutako beldurrik ez dagoen lekuan.