–Eguneko lehen kasua, zuentzat.
Ez zen egunekoa bakarrik, nire lehen kasua ere bazen, aste hartan bertan igaro bainintzen atezaindegitik ikertzaileen taldera; ez dohain berezirik nuelako, baizik eta urtean zehar gure bulegoko ertz guztiak menperatu zituen soraiotasuna abuztuaren lehen astean, oporren lasaitasunez mozorrotzen zelako. Juanek ere ezer larririk ez gertatzearekin egiten zuen amets, edozein gertaerak eskatutako diligentziak irailera erraz atzeratzeko aukerarekin.
Aire egokiturik gabeko egun hartan, goizetik zirudien giroaren geldotasunak pisutsuagoa lau hormen artean. Iaz, abuztuaren lehen astean, ezohiko bero sapak estali baitzuen hiria, eta, guztion mugimenduen antzera, itsasoarenak ere nagiagoak egin ziren, lozorroan jarraitzen zuen gure pentsamenduaren modukoak.
–Ordenagailuan dituzue etxea arakatu eta jabea atxilotzeko aginduak.
Nagusiaren hitzak entzutean, Juanen bekozkoa zimurtu egin zen.
–Ez ezak gosal…
Plastikozko edalontzian nuen kafeari begira geratu nintzen.
–Hobe diagu mugitu.
Gizon haren aldarte ilunduak udako trumoi itxura hartu zuen.
–Diogenes bedeinkatua –esan zuen autora sartu ginenean.
Aspaldi ikasi nuen lankideek ez ziotela erantzuten Juani, erraz eztanda egiten zuelako, surik behar ez duen lehergailuaren moduan. Ez zen giro izaten eguna marmarrean igarotzen zuen gizon haren ondoan. Erretiroa hartzekotan zebilen eta uda minean hiria zeharkatu eta kiratsa zerion etxe batean sartu beharra deabruaren, edo kideen, azken txantxa iruditu zitzaion.
Autoan sartu eta gidatu. Ez zuen beste mugimendurik egin, baina uniformea lehertu beharrean zuen gizonaren hauspoak bihotzaren nekea aireratzen zuen.
Helmugara iristean, autoa bigarren ilaran utzi zuen.
–Ea azkar amaitzen diagun… Ondoren, garbi dezala udaletxeak! Guk atea bota, behar dena atxilotu eta kito!
Ezkaratza irekita zegoen. Bizitzak makurtutako emakume bat ari zen amantala jantzita lurra garbitzen. Baldosa pitzatuen dirdirak itsasoarena ez zirudien bizitasuna zuen.
Mailadia kontuz igo zuen Juanek, egurrezko heldulekuari eutsita, pauso geldoz. Atzetik jarraitu nion. Orriari begira geratu nintzen: Hondarribia 35, 1A. Guztia ondo zegoen, baina mailadi bihurrian ez zen kiratsik nabari, ez urteetako zabor eta gauzen pilaketak sorturiko usain nazkagarririk.
–Hemen da –Juanen hatz lodiak txirrina jo zuen.
Ate beltz baina dirdiratsuaren atzean inor ez zegoela erabakitzear geundela, oin-hotsak entzun genituen. Pauso otzanak ziruditen, geldoak, beldurra bainoago ezkutuan, bakarrik bizi denaren zalantza adierazten zutenak.
–Ertzantza –Juanek ahapeka esan zuen hitz bakartia.
Elkarri begiratu eta itxaron egin genuen. Atearen bestaldeko oinek atezuan jarraitzen zuten, geldirik, bi gizonen pentsamendua asmatu nahian eta bat-batean, atea ireki egin zen.
Emakume argal eta txiki bat genuen aurrean. Betaurreko handiek estaltzen zioten aurpegi zurbila, eta, Juanen hitzak entzun ondoren, ate ondoko aulkian eseri zen, gorputz ahulduak zuzen eutsiko ez balio bezala. Eskuak, magalean.
–Etor hadi hau ikustera…
Juan gela batetik bestera zebilen hormak apal amaigabez beteta zeuzkan etxe zurian. Lapurtutako milaka kartazal zuriz betetako ilara amaigabeak zeuden zorutik sabairaino gela guztietan; neurri eta mota guztietako kartazalak, ondo antolatuta. Hiru geletako eskutitzak arruntak ziren; egongelakoak berriz, administrazioarenak… Guztiak zuriak, guztiak txukun-txukun kokatuak, hormak eskutitz bihurtzen ziren etxean. Juan leihotik posta-bulegora begira zegoen pentsakor.
Postariak otzan lagundu zigun komisaldegira. Galdeketan, lapurreta onartu zuen arren, ez genuen hitzik esatea lortu. Juanek adi begiratzen zion emakume abailduari.
–Zer gertatuko zaio? –Lankidearen galdera erantzunik espero ez duten horietakoa zen. “Isuna, langabezia eta etxe biluzi eta mutua” erantzun nion nire buruari.
Egun sargori hartan, nik idatzi nuen txostena. Arraro samar sumatu nuen Juan goiz guztian: isilik, pentsakor. Erretiroaren inguruko txantxak zebiltzan egun haietan bulegoan, baretasuna astintzen eta horregatik ez nion ezertxo ere esan gizon goibelari txostena mahai gainean uztera gerturatu eta harriturik kartazal batean “Laura Altube. Hondarribia kalea 35, 1A, Donostia” irakurri nuenean. Handik egun gutxitara, emakumeak dardara batean kokatuko zuen igorle ezezagunaren lehen eskutitza, nire lankide zakar eta bakartiarena, apal biluzi haietakoren batean..
OHARRA: Testu hau “Administrazioa euskaraz” aldizkaria agertu zen 2018. urteko 102. alean: https://dialnet.unirioja.es/ejemplar/499316